 |
| Jasotarrak eta Nafarroa Gaztelako erresumari eratxekitzea |
|
Fernando Katolikoak, aitzakia harturik Nafarroak ez ziola Aita Santuari laguntzen Frantziarekiko gerran, Albako dukea bidali zuen Nafarroa hartzera, baskongadetako soldadoz (Inazio Loiolakoa haien artean) osatutako armada batekin. Beaumondarren bandoko nafarren laguntzarekin, erresistentzia gutxirekin eskuperatu zuten Nafarroa. 1512ko uztailaren 25ean Iruña errenditu zen, foruak errespetatuko zizkiotelako promesaren pean.
Frantzisko Xabierkoaren familia agramondarren bandokoa zen, inbasoreen kontrakoa eta Foix-Albret dinastia legitimoaren aldekoa.
Juan de Jaso, Frantziskoren aita, Nafarroako errege-erreginen zerbitzuko pertsonaiarik handienetakoa izan zen. Katalina de Foix ezkondu behar zenean, Juan de Jaso argi atera zen senar gaztelau baten alde. Nafarroarentzat Gaztela-Aragoirekin ezkontza bidez batzea soluziorik hoberena zelakoan. Onartu zuen, halere, Katalina Juan de Albretekin ezkontzea eta leialki egin zien zerbitzu, administrazio goiko karguetan.
Nafarroa eta Gaztelaren zenbait hitzarmen negoziatu zituen eta Gaztelaren inbasio baten mehatxua sartu zenean, bi aldiz joan zen enbaxadan Gaztelako Gortera, inbasioa galarazi beharrez.
Inbasioa eta konkista gertatu ondoren (1512. urtea) Juan de Jasok Errege Kontseiluko bere lehengo karguari eutsi zion agintari gaztelau berrien agindupean. Onartu zuen egoera berria eta Fernando katolikoa errege berriari leial izateko zina egin ere bai. 1515eko urriaren 15ean hil zen, Frantziskok bederatzi urte zituela.
Migel eta Juan semeek ez zioten segitu Juan de Jasoren jarrera politikoari; aitzitik, armak hartu eta gaztelauen okupazioaren kontrako buru aritu ziren.
1516ko agramondar konspirazioan parte hartu zuten, Nafarroako tronua Foix-Albretentzat berreskuratu nahirik. Saio honek huts eginik, ondorioz Xabierko Gazteluaren defentsak suntsitu ziren: kanpoaldeko harresiak, zubia, dorreak, almenak eta matakanak kendu.
Zigor horrengatik ere, ez ziren Migel eta Juan iritziz aldatu eta 1521ean berriz altxatu ziren gaztelau okupazioaren kontra, Gaztelako tropek Hondarribiko gotorlekuan setiaturik zeudela, ohorez errenditu ziren 1524ean. Karlos I. Espainiakoak eskainitako barkamena onartu eta Nafarroako errege aitortu zuten.
Lehengo ondasunak eta jabetzak itzuli zitzaizkien guztiei. Migelek familiaren ondasunak eskuratu zituen. Juani Kontuen Ganberan postu bat agindu zioten, eta postu horri zegokion soldata kobratu zuen bizi zen artean, nahiz eta inoiz ez zuten benetan izendatu.
 |