Parisen ikasle
espace
Unibertsitateak
Katedralak
Iruñeko katedrala
XVI. mendeko erlijio krisia
Erreforma Katolikoa. Jesusen Konpainia

Xabierren mundua mjavier
Argazkiak ilustracion bidaiak
webs
idatzi iezaguzu
espace
Parisera bidean

1525eko irailaren hasieran Frantzisko, hemeretzi urterekin, Iruñera abiatzen da; han apezpikuak apaiz tontsura ematen dio. Izan ere, Xabierrek, familia nobleko seme gazteena izaki, elizgizon karrerarako asmoa zuen, gero batean kalonje izateko Iruñeko katedralean.
Iruñean Pariserako bide luzean hastera zihoan ikasle talde txikiarekin bildu zen. Hondarribiko mugatik Frantzian sartu eta Bordele, Poitiers, Tours eta Orleansen barrena Senako hirira iritsi ziren noizbait ere.
Parisko katedral gotikoak, Notre Dame famatuak, bere nabe garai harrigarriekin miraz utzi zituen nafar gazteak; ez zuten gutxiago miretsi Sainte Chapelleko argitasun koloretsua, non hormen lekuan beirateak zeuden.
XVI. mendeko Paris hura, Frantzisko Xabierkoaren bizileku izanen zena, hiri harresiduna zen, nahiz hasia zen ordurako eraldatzen. Hiru auzo zituen: La Cité, bat, Sena ibaiaren gaineko uhartean, hiriaren alderdi zaharrena zen eta bertan Notre Dame, Sainte Chapelle eta Errege jauregia bezalako eraikin inportanteak zeuden; beste bat Quartier latin delakoa zen, Auzo Latinoa alegia, non unibertsitatea eta unibertsitateko egoitzak zeuden, eta bai kolejioak eta luxu handiko komentuak ere; azkenik, Hiria, bere ostatu, denda eta bizitetxe arrandiosoekin.
Xabier, Parisko egonaldian, Auzo Latinoan bizi zen; horrela esaten zioten latina zelako auzoko hizkuntza ofiziala. Auzo hartan 4.000 ikasle bizi ziren, 39 herritatik etorriak.

 
Paris
ampliarParis XVI. mendean
La Cite uhartea
espace
La Cite
ampliarXIII. mendeko Parisko planoa
espace
espace
Unibertsitatean

Parisko unibertsitatea denetako entzute-
tsuena zen Europan. Zaharrena zen, irakasle hoberenak zituen eta ikasleak mundu guztitik zetozen. Salamanca eta Alcalako irakasle finenak han ikasitakoak izaten ziren. Orduko Paris hura Mendebalde kristaua astintzen zuten tinka kultural, sozioekonomiko eta erlijiosoen erdigunea zen.
Parisko unibertsitateak berrogeita hamar kolejio baino gehiago zeuzkan, denak aginte bakarraren menpekoak baina jardunbidean zein bere eskukoak; bakoitzak bere errektoregoa zuen, bere irakasle taldea, bere azterketak eta bere tituluak. Errektore nagusia Sorbonako kolejioan bizi zen eta beste kolejioen gaineko eskudantzia zuen.
Lau Fakultate zeuden: Teologia, Zuzenbide Kanonikoa, Medikuntza eta Filosofia edo Arteak. Fakultate batean sartu aurretik giza-jakintzako ikasturte bat egin behar zen. Teologiako ikasketak Sorbonako kolejioan ematen ziren, Nafarroakoan (Fran-
tziako erregeek dirutua) eta Dominiko eta frantziskotarrenean.
Parisko unibertsitateak zituen 4.000 ikasleetatik 38 nafarrak ziren.

 

espace
espace
espace
Santa Barbarako kolejioan

Gure gaztea barne eraentzan sartu zen santa Barbarako kolejioan, aski kolejio berria, eta bat gehiago izan zen bertan ikasten zuten bostehun ikasleen artean (erdiak kanpo eraentzan). Bost urtez han arituko zen Giza Jakintza eta Arteak ikasten. 1530ean eskuratu zuen "Arteetako Maisua" titulua, bizi artean erabiliko duena: Maisu Frantzisko deituko diote maiz. Ondoren teologiako doktoretza hasi zuen, eta horrekin batera, sei urtez, filosofia irakasten aritu zen Beauvaisko kolejioan.
Ikasleak hirutarikoak ziren: kamarista direlakoak; horiek pagatu egiten zuten ohe eta mantenu aldera. Bekadunak; horiei kolejioak laguntza ematen zien. Eta azkenik famuluak; horiek ikasle zein irakasle dirudunen mirabe aritzen ziren ikasketaren kostua berdindu ahal izateko. Xabierrek, noblea zelarik, beste ikasle nafar bat hartu zuen; Migel de Landibar, Iruinsemea.
Gaur egun gaitz da da imajinatzen zer bizimodu latza eta pobrea izaten zuten ikasle horiek, alegia monje batzuena. Ikasgeletan ez aulki ez mahairik ez zen izaten. Ikasleak lurraren gainean esertzen ziren, malkarrez estalita, neguan hotza pixka bat leuntzeko eta udan freskura pixka bat emateko.
Ikasleen janzki nagusia jipoia izaten zen, eta gainera kasaka, belaun azpian lotutako bonbatxoak, mediak, gerrian lotutako toga edo sotana bat eta bonetea.
Eskolak egunean bederatzi ordu irauten zuen, lezio, errepikazio, eztabaida eta abar kontatuta. Irakaskuntza hark, Luis Vivesek ere kritikatu zuenez (Xabier baino lehentxoago ikasi zuen berak Parisen) memorizaleegia eta formalistegia zen, beste akats askoren artean.
Parisko bizitza orduan zalapartatsua eta batzuetan indarkeriaz betea zen, batez ere Auzo latinoan, Unibertsitatea osatzen zuten 50 kolegio haiek pilatzen ziren auzoan.
Kolejioen artean lehiak eta bekaitzak izaten ziren eta horren ondoriozko erronka-liskarretan ez zen aldian behin hildakorik. falta izaten. Parisko Erregezko Gorteak mehatxu ere egin zien behin kolejio haiei, bereziki Nafarroakoari eta Santa Barbarakoari, zigor latzak jarriko zizkiela ez bazuten debekatzen kolejioen barrenean josteta eta fartsa eskandaluzkoak ospatzea.
Gure nafar gazteak oso ederki laketu zuen Parisko bizimoduan. "Hemen denak adiskidetzen zaizkit", idatzi zion Xabierrek bere anaia Joani. Egia esan, Parisko egonaldiaren hasieran Xabierren kezkak ez ziren oso-oso espiritual horietakoak: gehienbat hiri handi batek bere adineko eta bere mailako gazte bati eskaintzen zizkion dibertsio aukera ugariak aprobetxatzera lehiatu zen.

 
Sainte Chapelle
ampliarSainte Chapelle eta Justizia Jauregia, lehengo Errege jauregiaren orubean eraikia
espace
Sainte Barbara
ampliarSanta Barbarako Kolejioaren ataria
espace
espace
Xabier eta Erreforma Protestantea

Xabier Parisen ikasle zegoenerako, hasia zen luteranismoa zabaltzen Frantzian. Gogora dezagun Nafarroako erregina Margarita, errege Frantzisko I. Frantziakoaren arreba, protestantea zela. Unibertsitatean Nikolas Cop errektoreak eta bere adiskide Juan Kalvinok bultzatu zuten mugimendu protestantea. Biak ihes egin beharrean gertatu ziren, kartzelatik eta bai agian urkabetik ere eskapo egiteko. Eta ez haiek bakarrak. Ihes egindakoen artean Santuaren ahaide bat ere egon zen.

  espace
espace
espace
Eneko Loiolakoa

1529an Xabierrek Eneko Loiolakoa ezagutu zuen Parisen, bera baino hamasei urte zaharragoko ikasle gipuzkoarra, Iruñeko setioan herrendua, Xabierren anaiak etsai zituela hartutako zaurien ondorioz. Ez haren adinak, ez haren gorpuzkerak ez haren hizketa modua ez haren ideia politikoak ez ziren Xabierri gustatzeko modukoak eta hasieran begitan hartu omen zuen.
Eneko horrek, ordea, jakin zuen Frantzisko bereganatzen. Diruz ere lagundu zion, baina batez ere "konpainia gaixtoetatik" hastandu eta herejeekin tratuan ibiltzea galarazi. Hala aitortzen du Xabierrek karta batean.
Enekok erakutsi zion Xabierri garrantzi gehiago zuela bizitza Jainkoari ematea ezen ez lanbideko arrakasta, fama, boterea eta loria bilatzea. Honela esan zion hitzez hitz: "Zertarako du gizonak mundu osoa irabaztea, arima galtzen badu?" (Mateo, 16, 26).
1533an Xabierrek Jainkoa serbitzea erabaki eta Inazioren ikasle egin zen, beste gazte batzuekin batera: Pedro Fabro saboiarra, Simon Rodrigues portuguesa eta Diego Laínez, Nicolás Salmerón eta Nicolás Bobadilla gaztelauak. Montmartreko kaperan egin zituzten botoak (1534ko abuztuaren 15ean). Jesusen Konpainiaren ernamuina izan zen hura, Jesuiten ordena berria, 1540an Paulo III.a aita santuak onetsia.

  espace
espace
espace
Unibertsitateak

Erdi Aroko hirian gure egunetara iritsi den instituzio bat sortzen da: unibertsitatea. Unibertsitatea, hasieran, irakasle elkarte bat edo ikasle eta irakasle elkartea zen eta apezpiku eskolen zorroztasunetik askatu nahian sortu zen, haietan apezpikuek bere irizpideak inposatzen baitzituzten.
Jeneralean unibertsitate batek lau fakultate izaten zituen: Arte eta Letrak, Zuzenbidea, Medikuntza eta denetan inportanteena: Teologia.
Fakultate bakoitzak dekano bat hautatzen zuen; Arte eta Letretakoa izaten zen, hori baitzen ikasle gehien izaten zuen fakultatea; dekano horrek errektore titulua hartu eta unibertsitatearen ordezkari aritzen zen.
XIV. mendetik aurrera, unibertsitate bakoitzaren ondoan kolejioak agertu ziren, ikasleentzako bizileku gisakoak. Ikasle horiek gero eta gehiago laikoak ziren. Latina zen unibertsitateko hizkuntza.
Unibertsitateak berehala espezializatu ziren: Bolonia zuzenbide ikasketengatik famatu zen; Montpellier eta Salerno medikuntzan gailendu, eta Parisko Sorbona teologian.
Beste unibertsitate leku handi batzuk: Salamanca, Gaztelan; Lerida eta Perpignan, Aragoien, eta Oxford, Ingalaterran.

espace
Salamanca
ampliarSalamancako unibertsitatea. Iturria: Ciencias Sociales, Geografía e Historia 2, ESO, Vicens Vives, La Rioja, 2003
espace
espace
espace
Katedralak

Katedrala Erdi Aroko hiriaren erdigune geografiko eta espirituala zen. Bertara jendea ez zen soilik elizkizunetara joaten; arazo politikoak eztabaidatzera ere bai.
Denbora luzea eta dirutza handiak behar ziren katedral bat eraikitzeko. Herritarrek diru emaitzak egiten zituzten katedralak finantzatzeko eta hiriak elkarrekin lehian aritzen ziren zeinek eraikiko katedralik ikusgarriena.
Katedral gotiko asko XII. mendean hasi eta XIV.ean edo bai XV.ean ere bukatu ziren. Horregatik, maiz, erromanikotik hasi eta gotikorainoko garai guztietako osagaiak ageri izaten dituzte.
Eliza gotikoak eliza erromanikoak baino askoz argitsuagoak dira, kruzeriako gangak, arku ojibalen gainean eraikiak, egiteko teknikari esker. Horrela, barrenaldeko karga pilastrek jasotzen dute eta kanpoaldekoa, berriz, ostiko arkuek eta kontrahormek. Sistema horretan, ez da behar lehen bezalako horma lodirik eta leiho eta arrosa leiho handiak ireki daitezke.
espace

espace
Notre Dame
ampliarParisko Notre Dame katedrala
espace
espace
Pamplona

Iruñeko katedrala
Iruñeko katedralak, Xabierrek ezagutu zuen denboran, fatxada erromanikoa zuen oraindik, bi bao, bi dorre eta kolorezko beiratedun arrosa-leihoa.
Eliza erromanikoaren barrenaldea 1390an erori zen eta ondoretsuan estilo gotikoan berreraikitzen hasi zen. Lanak Xabier jaio baino bost urte lehenago bukatu ziren.

ampliarIruñeko katedrala

espace
espace
espace
XVI. mendeko erlijio krisia

XV eta XVI. mendeetan aita santuen gortea gehiago arduratzen zen munduko arazoez izpiritukoez baino. Aita santuak handiki munduzaleak izaten ziren eta kontu gutxi egiten zuten sinestunen problema erlijiosoez.
Hiru ziren, laburki, eliza katolikoak garai hartan zituen alderdi negatiboak:
- Aita santuen gorteko arrandia eta aberastasuna, kristauak behar duen espiritu pobrezizalearen kontraesanean.
- Goiko eta beheko kleroaren arteko diferentzia handiak. Behekoak oso eskola gutxi eta baliabide eskasak izaten zituen.
- Eliz kargudunen bokazio eskasa. Handiki familietako seme premuak titulua eta lurrak hartzen zituen herentzian, eta gainerako semeetako askok eliz karguak erosi behar zituzten, errentekin beren estatus sozial eta ekonomikoari eusteko. Ez zuten bokaziorik izaten eta kontu gutxi egiten zuten beren eginbideez.

  espace

espace

Erreforma Protestantea

Martin Lutero (1483-1546) Alemaniako monje agustindarra zen, Teologiako irakaslea Wittenbergeko unibertsitatean. Han predikatu zituen induljentzien kontrako bere 95 tesi famatuak Induljentziak purgatorioko zigorrak arintzeko orazioak ziren, diru truke egiten zirenak. Aita Santuak dominikoen ardurapean utzi zituen induljentziak. Luterok gogor salatu zuen orazio-saleroste hori eta horregatik hartu zuen eskumikua.
Luteroren dotrinak fedearen bidezko justifikazioa du oinarri. Hartara, giza borondatea, jatorrizko bekatuaz kutsatua, ez da gai izaten gaizkiari buru egiteko eta Kristorenganako fedeak baizik ez dezake gizakia salba. Hortaz, Luterok dotrina katolikoaren printzipio oinarrizkoetako bat ukatzen du: obra onen balioa.
Luteroren dotrinak muturreraino eraman zituen Jean Calvinek, Ginebran bizi zen intelektual frantsesak. Predestinazioan oinarritzen du bere dotrina: denboraren hasieratik gizakia predestinatua dago salbatu edo kondenatzeko. Fede iturri bakarra Biblia izanen da baina fede hori predestinatuek baizik ez dute jasotzen.

Burgesia eta Erreforma Protestantea

Erreforma Protestanteak arrazoi erlijiosoak izan zituen abiagarri, baina bai bestelakoak ere: politikoak eta ekonomikoak, bereziki Alemanian. Han, izan ere, handikiak maiz asko Karlos V.aren inperio katolikotik alde egiteagatik eta Elizaren ondasun handiez jabetzeagatik egin ziren protestante, eta bestetik komertziante eta bankagizonek hobeki etsitzen zuten beren jarduerari zuzen eta ohorezko irizten zion erlijio batean.
Zeren garai hartan negozioetan aritzen den burgesia agertzen da Europan eta aurrezki eta mailegu lanetan aritzeko lehenbiziko bankuak sortzen dira. Jarduera horiei lukureria kutsua ikusten zitzaien, tradizioz juduen lana izan baitzen, eta beraz gaitziritzita zeuden. Besteak beste, horrek ere esplikatzen du zergatik berandatu zen Espainian burgesiaren garapena: burges aberastuek, izan ere, lurrak eta tituluak erosi, aitoren semetu, eta utzi egiten zieten negozioei.

 
Lutero
ampliarMartin Lutero gaztea, 1523-1524 inguruan
espace
espace
espace
Erreforma Katolikoa. Jesusen Konpainia

Eliza Katolikoaren barrenean erreforma mugimendu bat sortu zen, izandako abusuak desegin eta sinestunengandik hurbilagoko erlijio politika berria bideratzeko. Mugimendu honi Erreforma Katolikoa deritza eta haren defendatzaile handia Jesusen Konpainia izan zen, San Inazio Loiolakoak fundatua.
Militar bizimodua utzi eta urte askotako ikasketak egin ondoren, San Inaziok erlijio ordena bat fundatu zuen, eta Aita Santuaren esku jarri.
Ordena berri hau besteak ez bezalakoa zen: haren kideak arreta handiko prestakuntza jaso eta kontu handiz hautatzen ziren; barne diziplina gogorra zuten eta Aita Santuari obeditzeko zina egiten, "laugarren botoa" delakoa.
Jesuitek honako ekintza hauek hartu zituzten beren lanaren ardatz:
- Ejertzizio espiritualak erabiltzea bizitzari erlijio esangura aurkitzeko bidetzat.
- Protestantismoaren kontrako borroka dialektikoa.
- Klase pribilegiatuen irakaskuntza.
- Beste kontinenteetan misiolari lana egitea. Brasil eta Paraguayko misioak izan ziren inportanteenak, eta bai San Frantzisko Xabierkoak Ekialde Urrutian egin zuen lan pertsonal ikaragarria ere.
Jesusen Konpainiako hainbat kidek paper garrantzitsua izan zuten Trentoko kontzilioaren garapenean, Erreforma Katolikoaren pieza gakoa.
1540an Paulo III. Aita Santuak Jesusen Konpainia onetsi zuen bula baten bitartez. Oso azkar hedatu zen: San Inazio hil zenerako (1556) jesuitak mila baino gehiago ziren.
Bere jardunaren ikur-hitza hauxe zen: "Jainkoaren aintza goratzeko."

 
Metro
ampliarParisko metro geltoki bat
espace

espace
espace
Jarduerak
1. Parisko XIII. mendeko mapan, seinala ezazu zein den Sena, non dagoen La Cité uhartea, Nôtre Dame eta Auzo Latinoa.
2. Deskribatu eta marraztu ezazu Nôtre Dameko argazkian ageri diren arkitektura gotikoko elemen- tuak, Katedralak delako testuan ere aipatzen direnak.
3. Deskriba itzazu Iruñeko katedralaren argazkian ageri diren arkitektura elementuak.
4. Esan zein arrazoi zituen Xabierrek Inazio Loiolakoaren ikasle bihurtzeko.
5. Aipa itzazu laburki orduko elizaren problemak.
6. Esplika ezazu zer egitura zuen orduko unibertsitate batek eta esan zer ikasketa egin zituen Xabierrek.
El mundo de San Francisco Javier mjavier
Argazkiak ilustracion bidaiak
webs
idatzi iezaguzu
final