Lehenbiziko bidaia:
Indiara (1541)
espace
Aurkikunde handien arrazoiak
Portugesen hedakuntza Asian
Klima montzonikoa
Asia gaur
Hinduismoa
Indiako beste erlijioak

Xabierren mundua mjavier
Argazkiak ilustracion bidaiak
webs
idatzi iezaguzu
espace
Indiara bidean (1541)

Portugalgo enbaxadoreak, bere errege Joan III.aren aginduz, eskatu zion Aita Santuari "Parisko maisu" horietako batzuk bidaltzeko Indietara misiolari. Eneko Loiolakoak erabaki zuen Rodriguez portugesa eta Nicolás Bobadilla gaztelaua joatea. Bobadilla eritu zelarik, Xabierrek hartu zuen haren lekua eta handi bi egunera atera zen Erromatik (1540ko martxoaren 15ean). Santua urtebetean egon zen Lisboan Erregeak atxikirik. Azkenik, hasi zuen bere bidaia.
India ekialdekorantz abiatzen ziren ontzien irteera sonatua izaten zen. Bidaia luzea eta neketsua baitzen, eta arriskuz betea, nabiganteak testamentua egin eta konfesatu egiten ziren, atera aurretik. Jende asko biltzen zen haiei despedida emateko.
Lisboatik Erregeren flotako lau ontzi atera ziren: Espíritu Santo, Santa Fe, San Pedro, Flor de la Mar eta Santiago ontzi buruzagia, Frantzisko zeramana, Lisboatik Indiako Goa hirira inoko 26.000 kilometroak ibiltzera. 1541eko apirilaren 7a zen. Xabierrek egun hartan 35 urte betetzen zituen.
Bidaia beti bezain nekosoa izan zen. Frantzisko bi hilabetean mareatuta egon zen. Gineako golkoan, haize falta latza izan zuten eta asteak eta asteak egon ziren geldirik aingura botata. Uda zen, beroa latza, eta janariak usanduak eta harjoak zeuden, ura ere mindua, eta gaixoak ontziko bodegetan pilatzen ziren. Aurki eskorbutoa hasi zen ontzikoen artean eta ondoren bai izurria ere. Horrela berrogei egunean egon ondoren, noizbaiteko batean haizeak belak puztu zituen eta Brasilgo kostetara eraman zituen ontziak, orduan Ekialdera joaten ziren ontzi portugesak nahitaez Brasilen barrena egin behar baitzuten bidea.
Abuztuaren bukaeran Mozanbikera iritsi ziren eta han sei hilabete geratu, montzoiak galarazten baitzien joatea. Tripulazioak eta pasajeroak ezin txarragoko osasunean zeuden. Xabier ere eririk eta aun eginik iritsi omen zen. Hala ere, eri zaintzen aritu zen ospitalean.
1542ko otsailean berriz atera ziren Indiara bidean eta 1542ko maiatzean, Lisboatik atera eta hamahiru hilabetera, Frantzisko Xabierkoak lehenbizikoz bistatu zuen Goako kosta, bere bidaiaren azken helburua.

 
Primer viaje: de Lisboa a Goa
ampliarLehenbiziko bidaia: Lisboatik Goara
espace
espace
espace
Xabier Indian (1541-1545)

Goa izan zen bere predikazioaren lehenbiziko gertalekua, bost hilabetez. Hospital Realean aritu zen eri zaintzen, bertan hartu baitzuen ostatu, Aita Santuaren nuntzioa bazen ere. Presoei eta legendunei kontu egiten zien eta gogo biziz ekin zion predikatzeari, katexima irakasteari, ohiturak ontzeari eta abar. Santa Fe-ko ikastetxea antolatu zuen Xabierrek.
Goatik, gobernadoreak Peskeriako kostara bidali zuen, handik 800 kilometrora.
Peskeria Indiako Hego muturrean dago, Komorin lurmuturraren ekialdean, Zeilango (gaur Sri Lanka) uhartearen aurrez. Itsasoaren eta mendi lerro garai baten arteko hondar zerrenda luzea da. Bertako bizilagunak parabak ziren, hogeita hamar herritan bizi zirenak; perla arrantzatik bizi ziren eta tamil hizkuntza egiten zuten. XVI. mendean bidaia itsasoz egiten zen baina lehorretik hurbil: haizea eta ur lasterrak aldekoak baziren, belaontzi batek hamar-hamabi egunetan egingo zuen bidea.

La pesca de perlas
Perla arrantza
Indikoan perla-arrantza egitea arrisku handiko lana zen, marrazoengatik. Urpekariak aiztoa hortz artean eta lastretako besoetan harria zutela murgiltzen ziren. Hondoraino joan, ostrak erauzi eta behin azaleraz gero perla preziatuak ateratzen zituzten.
ampliarPerla arrantza  

Gure santua Tutikorinen lehorreratu zen, Peskeriako herrietako bat, Xabierrek eskualde hartan egingo zuen lanaren erdigunea. Hasieran neke gogorrak izan zituen hizkuntzarekin. Lau hilabetez han egonda bere katekesia eta bere irakasgaiak antolatu zituen eta hasi zen ebanjelioa herriz herri zabaltzen.
Paraba haiek abegi ona egin zioten Xabierren predikazioari (1542-1543). Honela dio Xabierrek bere karta batean: "hainbeste lagun etortzen zaizkit kristautu nahian, orain nagoen lur honetan, non askotan, bataiatu eta bataiatu, nekatzen zaizkidan besoak."
Kostako ibilbideetan Xabier brahmanekin topatu zen behin baino gehiagotan. Haiei ere iritsi zitzaien haren ibileren berri eta jakin zuten makina bat kristau berri egiten ari zela paraben artean; hortaz, susmo txarrez beterik itxoiten zioten. Kostako hiri batean, Tiruchendurren, gertatu zen batean, izan zuen brahmanekiko bilera handiena, Tiruchendurren tenplo hindu handia baitzegoen; han luze eztabaidatu zuen Xabierrek haiekin erlijio gaien gainean (1543).
Travankorko erresuman ere predikatu zuen Xabierrek (1544), Peskeria ondoan, Komorin lurmuturraren mendebal aldean. Hango bizilagunak, makuak deituak, arrantzale pobreak ziren, auzoko paraba haien leinu bereko jendea. Hamalau herri zituzten. Batzuk musulmanak ziren eta beste batzuk hinduak. Travankorko Rajak Xabierri eskatu zion ararteko izan zedila portugesen laguntza politikoa lortzeko eta bere menpekoei baimena eman zien nahi bazuten kristautzeko.
Zeilanen bost hilabetez predikatu ondoren (1545), Xabier Meliapurrera joan zen, gaur egun Madrasko auzoa, non Santo Tomas apostoluaren ustezko hilobia zegoen. Izan ere, tradizioak dio apostolu hark K.o. 1. mendean predikatu zuela Indian, eta lehenbiziko kristauak egin, eta Madrasen hil zela. Meliapurren lau hilabete egon zen Gaspar Coelho erretorearen etxean apopilo. Orduan sentitu zuen fini zela Indiako bere lana eta alde egin beharra zela ebanjelioa beste lur batzuetara eramatera.
Haize egokia sortu zenean, Malakarako itsasoratu zen, irailean. Despedidarako, Madrasko kristauen baldernak Santo Tomasen erlikia bat eman zion. Beti eramango zuen berekin.

 
La India
ampliarIndia
espace
Templo de Tiruchendur
ampliarTiruchendurko tenploa; hemen izan zen Xabier eta Brahmanen bilera
espace
espace
Aurkikunde handien arrazoiak

XV. mendearen bukaeran portugesek eta gaztelauek ordu arte ezagun zen mundua zabaldu zuten, itsasozko hedakuntza mugimendu handia eginaz.
Bi arrazoi motak esplikatzen dute zergatik gertatu zen hau garai honetan:

Arrazoi sozioekonomikoak:
- Izurri beltz izugarria bukatu zen (1348) eta bai Erdi Aroko gerra luzeak ere; horren ondorioz XV. mendearen erdialdean Europako populazioak nabarmen gora egin zuen eta beraz lehengai gehiago behar ziren artisauen industria hornitzeko.
- Garapen industrialak merkatu berriak eskatzen ditu eta merkataritzak ere moneden zirkulazioa behar du; horregatik urre eta zilar gehiago behar dira. Horregatik portugesek saleroste bizia hasi zuten Afrika barrenaldearekin, handik urrea, bolia eta Sudango esklaboak erdiesteko, Granadako musulmanek lehendik egin izan zuten bezala. Espainolek ere, bestalde, zilar kopuru izugarriak atera zituzten Amerikako meatzeetatik.
- Turkoek XV. mendearen erdialdean Konstantinopla hartu zutenean, eten egin zen Asiako espeziak Europaratzeko bide tradizionala, eta hortaz Indietarako itsasbide zuzenekoa aurkitu beharra sortu zen.

Arrazoi zientifiko eta teknikoak:
- Espedizio hauek nabigazioaren teknikako berrikuntzei esker izan zuten arrakasta. Bi aparatuk erraztu zituzten izugarri itsasozko bidaiak: ipar orratza, XIII. menderako ezaguna, eta astrolabioa, XV.ean asmatua.
- Baina inportantzia gehiena izan zuen ontzien hobekuntzak. Izan ere, galera, ordu arte Mediterraneoko komertzioan erabiltzen zena, astunegia zen Atlantikoko ur sakonetan nabigatzeko. Portugesek asmatu zituzten alturako nabigazioan erabili ziren bi ontziak: nao delakoa eta karabela. XVI. mendean karabelaren ordez galeoia ezarri zen (ikus koadroa).
espace

espace
Rutas castellanas y portuguesas
ampliarGaztelau eta portugesen itsas bideak
espace
espace
espace
Portugesen hedakuntza Asian

Portugesek Afrikako hegia segituz iritsi nahi zuten Indiako espezie-guneetara; Afrika hain handia zenik ez jakiki. Espainolek, berriz, Atlantikoan barrena iritsi nahi zuten leku berera, Lurra biribila zelakoan.
Vasco de Gamaren espedizio portugesak 1498an Esperantza Onaren muturra doblatu eta XV. mendearen bukaeran iritsi zen Indiara; espainolak 1492an iritsi ziren Amerikara, ustez eta Ekialdeko Indiak aurkitu zituztela.
Portugesak Goan eta Malabar kostako hainbat puntutan finkatu ziren. Han, jakin zuten espezieak Insulin-
diatik zetozela eta burutan hartu zuten musulmanei kentzea espezieen salerostea.
1511n, Alfonso de Alburquerque buruzagi zela, portugesek Malaka hartu zuten. Ondoren Moluketan lehorreratu, Ternate eta Tidoreko sultanekin loturak ezarri eta Anbon eta Timorren finkatu ziren. XVI. mendea bukatu arte portugesak izugarri aberastu ziren espeziak salerosiz, baina handik aurrera holandesek kasatu eta ordeztu zituzten.

Galeón portugués
ampliarGaleoi portugesak XVI.

Galeoi portugesak XVI. Mendean
Galeoi portugesak ontzi handi astunak ziren, 800 tona metrikokoak. Bertan 100 bat gizon joaten ziren elkar-gainka, eskifaia, soldaduak eta pasajeroak, salgaiak eta jatekoak kontatu gabe. Emakumeek debeku zuten ontzi horietan joatea.
Hiru masta zituzten, hainbat zubi, brankan eta popan gaztelu bana, bela zabalak, gurutze handiez pintatuak, eta karelaren arrasean 20 kanoi. Hala ere, itxura beldurgarrikoak izan arren, ez ziren sendoak, eta gehienetan 4 edo 5 urteren buruan ontzioletan desegitera eraman behar izaten ziren, erabat kaskartuta egoten zirelako. Erregeren flota osatzen zuten bost ontzietatik, batek Goara baino lehen urpe egin zuen eta beste batek, Santiago, Xabier zeramanak, iritsi eta zenbait hilabetera egin zuen berebat.
Ontzi portuges lasterrenek egunean 95 bat km egiten zuten, hau da, Moluketako, Japoniako, Indiako eta Txinako ontziek baino gehiago, horiek gehienez egunean 50 kilometrotik 70era bitarte egiten baitzuten.
espace

espace
Goa
Goako hiria, India portugeseko burua, 1510ean kendu zien Alfonso de Alburquerquek musulmanei. Portugesek izugarrizko leinurua eman zioten hiriari, itsasoz bestaldeko inperio portugeseko hiri inportanteena bihurtu arte. Elizak zituen, jauregiak, ikastetxeak, katedral bat, elementu gotortuak eta eraikin ofizialak Europako hiri handien eredura eginak.
Capilla del Bom Jesus en Goa
ampliarBom Jesus kapera, Goan. Xabierren mausoleoa eta gorpuzkinak dauzka
espace
espace
espace
espace
Klima montzonikoa

Klima tropikal montzonikoa aro lehorra duten krima tropikalen aldaera da. Harrigarria bada ere, montzoien menpeko eremua Saharako desertuaren latitude berean dago.
Klima honek tenperatura altuak ditu, hotz-bero bitarte handiak eta euri gogorrak, urtaro batean kontzentratuak, montzoiak direlako haizeek ekarriak.
Montzoia sasoioroko haizea da, noiz itsasotik noiz lehorretik heldu dena.
Neguan, iparretikako haize batek kurritzen du hegoaldeko Asia: neguko montzoia da; montzoi hau lehorra da, lehorretik itsasaldera joaten baita eta hegoaldera bidean berotu baita.
Udako montzoia, berriz, SWtik dator eta hezetasunez kargatuta dago, Ozeano indikoan barrena pasatzen baita. Iparrera ari dela, Indiaren hegoaldeko mendiekin tupust egin eta goratu egiten da. Goratze horretan hoztu, kondentsatu eta hodeiak sortzen ditu, eta ondorioz euria ere bai. Montzoi fenomeno honek esplikatzen du zergatik Asia osoan ez dagoen desertu klimako zerrenda bakarrik ere.
Klima bero eta heze honi esker eskualde honetan erraz etortzen da arroza, aspaldi-aspalditik Asia montzonikoko jendearen elikagai nagusia baita.

Tropikoetako zikloiak
Tropikoetako zikloiei tifoiak ere deritze Asia hego-mendebalean, eta zirimolak Amerika tropikalean. Eguraldi fenomeno izugarri bortitzak dira, tropiko euritsuen zenbait eskualde ukitzen dituztenak. Batzuetan haizeak, zurrunbiloen itxuran, 200 edo are 300 kilometroko lastertasuna hartzen du eta euri jasa latzak ekartzen. Kalte handia egiten dute soroetan eta herrietan.
espace

 
Puerto de Cochin
ampliarKotxingo portua, Keralako estatuan
espace
espace
espace
Asia gaur

Asia beti izan da, eta hala da gaur ere, oso toki erakargarria europarrentzat. Giza neurriaz gaindiko luze-zabalera du: Asian, goi zelaiak garaiagoak dira, mendikateak gaindiezinak, ibaietako uholdeak ikaragarriak, eta abar.
Asiako lurralde gaitzean munduaren gaineko gizakien erdiak bizi dira; 1.281 lagun Txinan, 1.050 milioi Indian eta 127 milioi Japonen.
XX. mendera arte Asiak leial eutsi die bere gizarteetako zolarri izan diren zenbait erlijio moduri eta ohitura morali. Hortaz, ezin da Asiako kultura ulertu bere erlijioen berri jakin gabe.

 
Mercado en Panaji, capital del estado de Goa
ampliarMerkatua Panaji-n, Goako estatuan
espace
espace
espace
Hinduismoa

San Frantziskok ezagutu zuen Indian, gaurkoan bezala, denetariko erlijioak eta sinismenak nahaste zebiltzan: hinduismoa, budismoa, islama, kristautasuna eta abar.
Erlijio horietatik hinduismoa eta budismoa dira dudarik gabe inportanteenak. Asian duten hedaduragatik eta mundu osoan izan duten zabalkuntzagatik. Hinduismoari bramanismo ere deritza, Indiako gizartearen egituratzean brahmanek izan duten paper handiagatik.
K.a. 1.220. urte inguruan herri indoeuroparrek India iparraldea inbaditu eta jainko sail luzea ekarri zuten berekin. Panteoi horretatik, bertako jainko eta sinesmenekin nahasita, hinduismoaren panteoia sortu zen, oso zabala, Brahma gorengo jainkotzat daukana.
Hinduismoa, Asiako beste erlijio batzuk bezala, arimak ber-haragitu egiten direla sinisten du. Arimak, hiltzen direnean, behin eta berriro itzultzen omen dira mundura beste gorputz batean. Behin eta berriroko bizialdi horiek dolorez beterik egoten dira beti eta hinduaren helburua hori da: noizbait ere ber-haragitzeen gurpiletik askatu eta Brahmarekin bat egitea, eternala eta aldaezina baita.
Hinduismoak berekin dakar kastetan antolatutako gizartea. Beste zibilizazio batzuetan diruak edo leinuak markatzen dute bakoitzaren maila soziala; Indian, berriz erlijioak. Izan ere, Brahmak nahi izan zuen talde bakar batek dotrina begira eta gizartea zuzendu zezan: brahman direlakoak. Haietaz beherago, beste hiru talde daude, zein bere eginkizunean ari: shatriyak, hau da, gerrariak, vaisyak, nekazariak eta artisauak, eta sudrak, hots, morroiak. Hiru taldeok erabat itxiak dira eta ez dira nahasten.
Are beherago, pariak edo ukiezinak daude; eskubide guztiak eta begirune guztia ukatzen zaizkie, eta likits eta gizartez landarakotzat jotzen dira.
Zatiketa hori oinarri, mila urte baino gehiagoko prozesu batean, kasta sistema izugarri korapilatua garatu da, garbitasun mailaren arabera.
Ber-haragitzearen sinesmenak nork bere patuan etsi eta kasta sistema injustua onartzeko joera bultzatzen du: Izan ere, Zuzenaz kontrako bizia daramana kondenaturik dago beheragoko existentzia batean ber-haragitzera. Hortaz, behe-kasta batekoa izatea aurreko bizialdi batean egindako gaiztakerien ondorio da, kulpa baten seinalea.
Indiako konstituzioak, Gandiren ekimenez, Kastak abolitu zituen. Gaur egun, legez, herritar guztiak dira berdinak, baina tradiziozko sinesmenak hilgogorrak dira eta indar handia dute artean ere.

 
Imagen india de San Francisco
ampliarSan Frantziskoren irudi Indiakoa
espace
espace
espace
Indiako beste erlijioak

Budismoa
Budismoa funtsezko osagaia da Asia montzonikoaren erlijio eta kulturetarako. Indian sortu bazen ere, budismoa ia erabat desagertu da handik. Desagertu baino lehen, ordea, iparrera (Tibet), ipar ekialdera (Txina eta Japonia) eta ekialdera (Zeilan, Indotxina, Malaka eta Java) zabaldu zen.
Gaur, 800 milioi budista baino gehiago daude eta budismoaren eragina gero eta zabaltzenago ari da Mendebalean ere.


Islama
Arabian sortutako erlijio hau gerragizon arabiarrek hedatu zuten ipar hemisferioko desertu beroetan barrena (Asia ekialdekoa, Afrika iparraldekoa, Iran), eskualde horietako kondizioak beren sorterrikoen antzekoak baitziren, eta ondoren India aldera (Pakistan mendebalekoa eta ekialdekoa), Indonesia aldera eta Afrika beltzera.

 
Yogui hindu
ampliarYogi hindua
espace
espace
espace
Jarduerak
1. Laburbil itzazu aurkikundeen arrazoiak.
2. Zergatik ziren zure ustez hain inportanteak espezieak garai hartako gizonentzat?
3. Gaztelauen eta portugesen itsas bideak delako mapa aztertu eta iruzkin ezazu zer kinkatan zegoen Turkiarren inperioa eta zer premia zegoen Ekialdera joateko bide berriak aurkitzeko. Ikus ezazu mapan, halaber, nola Xabierrek Nabigante portugesen bide berbera segitu zuen.
4. Zer ezarri zuen Tordesillasko itunak?
5. Bila ezazu informazioa inperio portugesak hartutako lurraldeen gainean.
6. Ikas ezazu zer gauza inportante egin zituzten Marko Polok, Kolonek, Enrike nabiganteak eta Portugalgo Joan III.ak.
7. Deskriba ezazu nolakoa zen XVI. mendeko galeoi portuges bat. Begiratu ilustrazioa.
8. Zer da eskorbutoa?
9. Asiako mapa fisiko batean bila itzazu non dauden goi-ordoki nagusiak, mendirik garaienak eta
ibai nagusiak.
10. Eskualde bateko klimak nola eragiten die itsasozko bidaiei?
11. Egin ezazu iruzkin pertsonal bat Indiako kasta sistemaren gainean.
12. Zer diferentzia eta zer antz ikusten diezu San Frantzisko Xabierkoaren erlijio kristauari eta
hinduismoari?
El mundo de San Francisco Javier mjavier
Argazkiak ilustracion bidaiak
webs
idatzi iezaguzu
final