 |
Malaka, orduan merkatari portu portuges handiena zen, aberatsa eta kosmopolita, ontziz mukuru eta denetariko jardunez betea. Xabier bost aldiz egon zen Malakan, 1545eko irailetik 1552ko abendura. Nolabait esan, Malaka nafar jesuitaren kuartel nagusia izan zen, handik aldameneko lurraldeetara joateko: Molukak, Makasar, Anbon eta Moro uharteak. Malakatik atera ere zen bere bizialdiko azken saiorako: Ebanjelioa Txinara eramatea.
Malaka montzoietatik babestuta zegoen eta horregatik toki ezin hobea zen portu komertziala izateko. Han, Europako, Indiako, Arabiako eta Txinako merkatariek bat egiten zuten. Kokaera estrategiko izugarri egokia zuen Malakako itsasartean, Mendebalaren eta Ekialdearen arteko merkataribideen ezinbesteko pasabidea baitzen. Malakako portuan ezin konta ahala ontzi egoten ziren, oihalez, tapizez, opioz, intsentsuz, piper hautsez, 0iltze eta beste anitz espeziaz, algodoiez, mihisez, altzairuz, kontserbaz, arrozez, lakaz, zur preziotsuez, alkanforrez, zetaz eta portzelanaz kargaturik.
Malakak hainbesteko garrantzi komertzial eta estrategikoa zuela ikusirik, portugesek hartu egin zuten 1511n, Alfonso de Alburquerqueren eskuz, handik Moluketako espezia-salerosi irabazitsua beretzeko asmoan. 1580an, Portugal Espainiarekin batu zelarik, portugesen interesak atzean xamar geratu ziren. Beranduago holandesek, Espaniatik bereizteko gerran, kendu egin zieten Malaka portugesei 1641ean.
|
 |
| Moluketako espeziak |
Portugesak Indonesian hedatzera eraman zituzten espezia preziatu haiek iltzea eta intxaur muskatua ziren. Espezia horiek ekartzen zituzten landareek irla horietan beste inon ez zuten etsitzen. Iltzea, adibidez, Ternaten, Timorren eta ondoko beste uharte batzuetan soilik etortzen zen, eta intxaur muskatua Banda uharteetan baizik ez. Espezia horiek errekista handia zuten Europan eta irabazpide izugarrikoak ziren.
Espezieen garrantzi komertziala gainbehera hasi zen XVII. Mendearen bukaera aldera, errekista gutxiago zegoelako eta lortu zelako landareak beste toki batzuetan laketzea. |
 |
Iltzea |
 |