AURKEZPENA
Ikasleen irakurmen gaitasuna hobetzea helburu lehenetsia du Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak. Hezkuntza sistema arautzen duten lege-arauek, izan ere, azpimarratu egiten dute gizabanako ororen prestakuntzako funtsezko alderdi honi arreta eman beharra.
Datu guztiek aditzera ematen dutenez, XXI. mendean hiritar batek, idatzizko dokumentuen informazioa adimenduz ulertu eta erabiltzeko gai ez bada, gizartean kanpo-utzia izateko arrisku bizia du. Irakurtzea gero eta konplexuagoko egintza da “informazioaren eta ezagupenaren gizarte” omen den honetan eta estrategia berriak trebe erabiltzen jakitea eskatzen, du irakurle bat “irakurle “gai”tzat hartuko bada, irakurketa tradizionalean orain arte jokoan zirenez haratagoko trebetasun batzuen jabe, alegia. Zehazkiago, irakurketa digitala ikasteko urtez eta urtezko ahalegin jarraitua behar izanen da, dudarik gabe, harik eta ikaslea kasuan kasuan egoki diren iturrietatik ezagupen berriak iritsi, erabili, barrendu, ebaluatu eta eraikitzeko gauza den arte.
Ohart gara ikasle bakoitzaren abiapuntua desberdina izaten dela. Hasierako egoera hori eraldatu eta hiritar guztiek iritsi dezaten behar den irakurmen gaitasuna, Nafarroan Irakurketa Hobetzeko Plan Instituzionala jarri dugu abian, zeinak, bere lehenbiziko bi urteetan, DBHko ikasleak hartu baititu ardatz baina 2010-2011 ikasturtean Lehen Hezkuntzara ere zabalduko baita.
Plan honek bultzatzen dituen ekintzen artean, ikastetxeko irakurketa plan bat itxuratzea dago. Plan honek, besteak beste, hobeki uztartu behar ditu irakurriaren ulermenaren hobekuntza eta irakurtzeko ohituraren sustapena; eskola liburutegiaz, irakurmen gaitasunaz, proiektu dokumental integratuez eta abarrez programatzen diren prestakuntza jardueretan irakasleen partehartzea; eta jardunbide onen gaineko materialak eta sortuz joanen diren baliabideak argitaratzea.
Deskribatzen den ingurune honetan, CD hau aurkezten dugu gaur. 2008-2009 eta 2009-2010 ikasturteetan sortutako materialak biltzen ditu. Testu bilduma bat da, zeinbere jarduera programatuekin, DBHko curriculumaren arlo guztien arabera ordenatuak. Ikasleek testuak ulertzeko aplikatzen dituzten estrategiak hobetzea dute helburu, eta ulermen hori ebaluatzeko saio bat egitea ere bai, PISA proben ingurune teorikoaren barrenean egina.
Lagunduko ahal du material honek irakasleen eskura hainbat adibide zehatz jartzen, bere irakaslaneko momenturen batean erabil ditzakeenak eta jarduera berriak modutzen lagun diezaioketenak. Ohart gara irakurriaren ulermena benetan hobetzeko, ezinbestekoa dela ikas-irakats prozesuan txertatzea ikaslearengan gogoetarako, sintesirako eta bere burua antolatzeko gaitasuna garatzen duten jarduerak, argitalpen honek proposatzen dituenak bezalakoak… edo bestela esan: edozein hiritarrek bere gaitasunen araberako komunikazio gaitasuna iritsi dezan irakatsi behar diren gauza guztiak, gizarte aldakor gero eta kontentagaitzago batean moldatzeko gauza izan dadin.
Alberto Catalán Higueras.
Hezkuntza Kontseilaria